En esta página se utiliza javascript para visualizar mejor las fotos, pero se puede utilizar sin tener activo javascript.

Historia

 

Osteopatiaren fundatzailea Andrew Taylor Still doktorea da (1828-1917, Virginia, AEB). Mediku eta artzain metodista baten semea zen Still, eta aitak oso gaztetan abiarazi zuen medikuntzan. Aitzindari bizimodu horri esker, harreman estu eta bizia izan zuen naturarekin. 1850eko urteetatik aurrera, bere aitari lagundu zion, shawee indiarrak artatzen. Horrek are eta gehiago lagundu zion naturari lotzen.

 

Oso gaztetatik, Satillek migrainak eta goragaleak izan zituen. Behin, etxeko lorategian zegoela, hamaka batean etzan zen, eta soka esekietan jarri zuen burua, garondo-hezurraren gainean, lepoan zertxobait tira egiten ziola. Keinu txiki horrek lepoaldeko tentsio muskularra kendu zion, eta, horrekin batera, baita buruko mina eta goragalea ere. 20 urtez egin zuen gauza bera, antzeko egoera baten atarian zegoela sentitzen zuen bakoitzean. Orduan konturatu zen praktika horrek eten egiten zuela okzipitaleko nerbio handien eta muskuluen ekintza, eta arteria-odolaren jarioa harmonizatzen zuela.

 

Hala, garezurraren lanari buruzko printzipioetako asko Stillek azaldu zituen lehendabizi.

 

Still doktorea Medikuntza ikasten hasi zen, Kansas Cityn, Missourin. Sezesio gerran (1861-1865), Stillek, esklabotzaren aurkakoa baitzen, konfederatuekin bat egin zuen, mediku eta zirujau gisa, eta, hala, eskarmentu handia hartu zuen gizaki bizidunen anatomian eta fisiologian.

 

Still doktoreak, pixkanaka-pixkanaka, desengainua hartu zuen metodo tradizionalekin, organismorako toxikoak ziren botiken erabileran oinarritzen baitziren, eta orduan konturatu zen medikuntzak ondorio txar eta desegokiak zituela. Orduan jabetu zen, harrituta, haur gutxiago hiltzen zirela medikurik apenas zegoen herrietan.

 

1865ean, garuneko eta bizkarrezurreko meningitis epidemia bat izan zen, eta bere pazienteetako batzuk eta bere seme-alabetako hiru galdu zituen. Orduan, bere kabuz beste mediku-praktika baten oinarriak ezartzea erabaki zuen; indiar petrikiloei behatu zien, eta hilotzak disekzionatu zituen, giza anatomia sakon aztertzeko. Giza gorputzaren beste kontzeptu bat sortu zuen, eta sendatzeko beste modu bat.

1874an, Stillek disenteria hemorragikoa zuen lau urteko ume bat sendatu zuen. Sabela hotz zeukan, eta gerrialdea oso bero. Konturatu zen bizkarreko min bizi hori hestearen funtzionamendu txarrarekin lotuta zegoela. Haurra mobilizatu zuen, eta, hurrengo egunean, sendatuta zegoela adierazi zuen haren amak. Hori izan zen Stillen disenteria hemorragikoaren lehenengo kasua; garai hartan, gaitz hori zuten pertsona gehienak hil egiten ziren. Ikerketa-urte luzeetarako abiapuntu garrantzitsua izan zen hori, eta medikuntza osteopatikoa sortuta iritsi zuen gorena. 1974ko ekainaren 22an, osteopatia sortu zuela adierazi zuen bere oharretan.

 

Ordutik, zailtasun handiak izan zituen, eta mediku kideei eta elizgizonei aurre egin behar zien. Eskuz sendatzen zituen era guztietako gaitzak, baita sendaezin jotakoak ere, eta deabruaren jarraitzailetzat jo zuten berehala.

 

Horren ondorioz, berehala galdu zuen bere izen ona. Bere familiako askok ere abandonatu egin zuten. Stillek uko egin zion diruaren truke lan egiteari; izan ere, jarduera esperimentaltzat zeukan; horren ondorioz, zailtasun ekonomiko handiak izan zituen.

 

1876an, Still doktorea gaixotu egin zen, sukar tifoideak jota, eta, gaixotasun horren ondorioz, goiz zahartu zen.

 

1878tik 1885era, modu ibiltarian jardun zuen osteopatian. Garai hartan, Still doktorearen fama eta aitorpenak Kansas eta Missouriko mugak gainditu zituen. Ehunka pertsonak eskatu zituzten haren tratamenduak. 1880ko hamarkadako azken urteetan, pertsona gehiago artatu ezin zituenez, bere semeak trebatzea erabaki zuen, paziente berriak artatu ahal izateko. Haiek izan ziren osteopatiako maisu handiak trebatutako lehenengo osteopatak.

 

1892an, American School of Osteopathy (Ameriketako Osteopatia Eskola) fundatu zuen, Kirsvillen. Eskola hori badago gaur egun ere.

 

Stillek manipulazio-teknika ugari bildu eta asmatu zituen, eta horiexek dira gaur egun erabiltzen diren manipulazio guztien oinarria. 1898 eta 1900. urteen artean, batez ere zekien guztia idatzi eta argitaratzen jardun zuen, eta osteopatiako lau liburu osatu zituen; horrez gain, osteopata gisa ere jardun zuen.

 

Medikuntza Osteopatikoa doktoretza sortu zuen, Medikuntza Alopatikoa doktoretzatik bereizteko.

 

Stillen emaitza bikainek eta sonak gaitzitu egiten zituen beste medikuak, eta 1910ean, Flexner txostenak galarazi egin zuen beste eskola osteopatikorik irekitzea.

 

1917an hil zen Andrew Taylor Still, 90 urte zituela. Osteopatia Europara Kirksvillen trebatutako britainiar osteopaten bidez iritsi zen, Still doktorearen dizipulu zuzenen bidez. Haiek, lehen-lehenik, frantsesei transmititu zizkieten beren ezagutzak, eta gero gainerako Europari.

 

Still doktorea hil ondoren, osteopaten bigarren belaunaldiak hartu zuen haren lekukoa. Still doktorearen dizipulu gailenak izan ziren John Martin Little John eta William Gardner Sutherland.

 

John Martin Littlejohn doktorea Glasgown (Eskozia) jaio zen, 1865ean. Han egin zituen Medikuntza ikasketak. AEBetara joan zen gero, eta Still doktorea ezagutzeko aukera izan zuen. J. M. Littlejohn harrituta gelditu zen Stillen tratamenduen jakinduriagatik, eta zuzenean harengandik ikastea erabaki zuen. Littlejohn eta Sutherland doktoreak haren ikasle nagusi bihurtu ziren.

 

1900. urtean, Still doktorearekin egiten ari zen trebakuntza bukatu zuen, eta eskola bat sortu zuen, Chicagon. 1917an, Ingalaterrara joan zen, eta British School of Osteopathy (Osteopatiako Britainiar Eskola) ospetsua sortu zuen, Londresen; gaur egun ere Europako osteopatia-eskola zaharrena da, eta entzute handian ere eskola horrexek du.

 

Garai berean, 1895ean, beste osteopatia-adar bat sortu zuen Still doktorearen ikasle William Gardner Sutherland-ek. Garezurreko eta errain-hezurreko osteopatiaren aitatzat jotzen da.

 

William Gardner Sutherland (1873-1954).

 

Sutherland doktorea Minnesotan jaio zen. 1895ean, Osteopatia ikasi zuen Still doktorearekin. 1898an lortu zuen gradua, 25 urterekin. Sutherland doktorea garezurreko osteopatiaren aitatzat jotzen da. Garezurreko hezurrak beren artean mugitzeko diseinatuta zeudela ikusi zuen William G Sutherland doktoreak. Horren ondorioz, 20 urte baino gehiago eman zituen helduen garezurreko hezur mugikorren proiektuan. Bere buruarekin ere egin zituen esperimentuak, eta kasko bat asmatu zuen; kasko horren bidez, presio aldagarri eta kontrolatu bat ezarri zuen bere buruko hainbat partetan. Aldi berean, aplikatutako presioen arabera nortasuna nola aldatzen zitzaion erregistratzen zuen haren emazteak; presioaren aldaketarekin lotuta izandako buruko minak, koordinazio arazoak eta abar deskribatu zituen Sutherlandek.

 

Sutherlanden ondorengo zuzenena Harlold Magoun da, eta haren oinordeko espiritualtzat jotzen da.

 

Harold Magoun doktorea (1898-1981).

 

1924an lortu zuen Andrew Taylorren Osteopatia Unibertsitateko DO titulua. Artikulu asko idatzi zituen literatura profesionalean; horien artean, Osteopathy in the Cranial Field (Osteopatia garezurrean). 1940an, Osteopatiako ohorezko gradua eman zioten; 1962an, Ameriketako Osteopatia Akademiaren beka lortu zuen; eta 1967an, A.T. Stillen ohorezko domina eman zioten. Magoun doktorea urtea askoan izan zen Osteopatia Medikuntzako Kirksville unibertsitateko administrazioko kide; hiru urtez Garezur Akademiako presidente izan zen, eta Sutherlandeko Garezur Irakaskuntzako Fundazioaren sortzaileetako bat izan zen; 1953-1973 urteetan, presidenteorde eragile jardun zuen fundazioan.

 

Harold Magoun doktorea Sutherland doktorearen ikasle izan zen. Beste osteopata batzuei lagundu zien praktikan, hala nola Viola Fryman eta Upledger doktoreei, doktrina osteopatikoaren beste dizipulu batzuen artean. Modu horretan, Magounek Still eta Sutherlanden tradizioa iraunarazi zuen.

 

John Upledger doktorea.

 

Upledger doktorea mediku zirujaua eta osteopata, ikertzailea, irakaslea eta hainbat obraren egilea da.

 

Upledgerri, garezurreko ebakuntza batean laguntzaile ari zela, bizkarrezurra eta muina biltzen dituen duramater-mintza alboratzeko esan zioten, zirujauak kaltzio metatua kentzen ari ziren bitartean. Upledger doktoreak ezin izan zion eutsi bere hatzen azpian erritmikoki mugitzen ari zen mintz hari. Horrek bere begien aurrean gertatzen ari zen horri buruzko gogoeta eginarazi zion. Orduan, garezurreko osteopatian trebatzea erabaki zuen, eta ikerketa klinikoko bere ibilbidea hasi zuen.

 

Alderdi psikosomatikoa landu du, eta traumekin lan egin du. Bere lanari “askapen somato-emozionala” deitu dio.

 

Upledger doktoreak jarri zion garezur-sakroetako terapia izena.

 

1975etik 1983ra, Upledger doktorea ikerketa klinikoak egiten eta Biomekanika irakasten aritu zen Michigango unibertsitatean, eta anatomista, biofisikari eta bioingeniarien talde bat gainbegiratu zuen, garezur-sakroen sistema bazela frogatzeko esperimentuetan.

 

Azterlan zientifiko horien emaitzek garezur-sakroetako sistemaren funtzioa azaldu zuten, eta burmuinaren eta orno-muinaren arteko funtzionamendua ulertzen lagundu zuten.

 

Sutherland doktorearen beste ikasle nabarmen bat Viola Fryman doktorea izan zen.

 

Ingalaterran jaio zen, eta Londresko unibertsitatean eta Los Angelesko Mediku Osteopata eta Zirujauen Eskolan lortu zuen gradua. Fryman doktorea medikuntza osteopatikoaren mito bizidun bat da.

 

Fryman doktorea askotan saritu izan dute bere lanarengatik; besteak beste, Andrew Taylor Stillen ohorezko domina eman diote, Ameriketako Osteopatia Akademiaren Ohorezko Matrikula, Garezurreko Osteopatiako Akademiaren William Gardner Sutherland saria, Ohorezko Matrikula Medikuntza Osteopatikoko zientziei buruz egindako doktoregoan, bai eta Philip Pumerant domina ere, bere “zerbitzu gailenarengatik eta ekarpen bikainarengatik”.

 

Artikulu ugari argitaratu zituen aldizkarietan, haur jaio berriei egindako garezur-sakroetako osteopatiari buruzko lan eta ikerketen gainekoak. Ameriketako Osteopatia Akademiak bere artikuluak bildu eta argitaratzea erabaki zuen 1998an.

 

Urte askoan, arazoak zituzten haurrak artatzen eta ikertzen aritu zen Fryman doktorea, Kalifornian. Hala, Haur Osteopatiako Irakaskuntza Zentroa sortu zuen, 1982an. Gaur egun, San Diegon (Kalifornia) dago haurrentzako zentro hori.

 

 

Roberto Paniagua López / Lizardi 9, Bajo / 20130 Urnieta - Gipuzkoa / *Aurretiko hitzordua: 943 335 912 - 659 980 011                             www.maiteromero.com